Bidasoak kanporaketari bira eman eta final laurdenetarako sailkatu da errege kopan
- Jabi Gonzalez Toston
- 19 mar 2017
- 2 Min. de lectura

Bidasoak ezinezkoa zirudiena lortu du. Balentria ikaragarria egin du eta 32-23 irabazi dio Benidormi Artalekun. Emaitza horrekin errege kopako kanporaketari bira eman dio eta final laurdenetarako sailkatu da.
Asteazkeneko joaneko norgehiagokan 28-21 galdu zuten irundarrek Benidormen. Sailkapenean azken bigarren postuan aurkitu arren, zazpi goleko errenta mantenduko zutela pentsa zitekeen, baina, Bidasoak sekulako partida egin zuen atzo. zaleen aurrean. Partida irabazteaz gain, kanporaketa berari bira eman zion.
Ez zen gaizki hasi Benidorm, 0-2 aurreratu zen markagailuan. Azkar esnatu zen Bidasoa, ordea. Lehen zatia orokorrean nahiko parekoa izan bazen ere, azken txanpan lau goleko errenta txiki bat lortu zuen Bidasoak. Lehen zatiko denbora agortuta, azken falta bat izan zuen Benidormek lau goleko alde hori murriztu ahal izateko. Ordura arte Benidormeko jokalari onena izan zen Jimenezek jaurti zuen falta. Baina, hanka sartze erraldoia egin zuen. Luzera partida markatuko zuen hanka sartzea. Bidasoaren hesia osatzen ari zen Markel Beltza defendatzailearen aurpegira jaurti zuen baloia. Txartel gorria ikusi zuen horregatik, noski.
Bigarren zatia indar handiarekin hasi zuen Bidasoak, kanporaketari bira emango ziotela sinistuta. Laster lortu zuten kanporaketa berdintzea. Kauldi Odriozola zumaiarrak erakutsi zuen bidea. Defentsan sendo eta erasoan iristen zitzaizkion baloi guztiak goletan bilakatu zituen 20 urteko gazteak. Benidorm ez zen errenditu halere. Alacantekoek erasoan golak sartzeko zailtasun handiak bazituzten ere, Bidasoaren zazpi goleko errentari eutsi zioten denbora luzez. Horrelaxe heldu ziren azken minutura. Zortzi gol azpitik ziren, baina, beste bat sartuz gero, beraiena zen final laurdenetarako txartela. Dejanovic Bidasoako atezainak ekidin zuen hori, ordea, Cuarteroren jaurtiketa geldituz. Bidasoak beste gol bat sartzeko astia izan zuen kanporaketa errematatzeko.
Bi zumaiar aurrez aurre
Errege kopako kanporaketa izateaz haratago, ikusmin berezia sortu zuen partida izan zen atzokoa. Zumaiako herritik ikusle ugari gerturatu zen Artalekura. Bi zumaiar ziren aurrez aurre. Aipaturiko Kauldi Odriozola etxeko taldean eta Ander Torriko kanpokoan. Partida onak burutu zituzten biek, batez ere lehengoak. Torriko pattal ibili zen bigarren zatian, bere taldekideak bezalaxe (Salinas salbu). Halere, bere taldeko goleatzaile nagusia izan zen bost golekin. Kauldi ere bere taldeko goleatzaile nagusietako bat izan zen zazpi golekin.
Aurten elkarren aurka aritzen diren hirugarren aldia da, eta ASOBAL ligako itzuliko partidaren faltan, momentuz Kauldi da nagusi, 2-1.

32 - Bidasoa-Irun: Dejanovic (Zubiria); Crowley (4), Beltza, Popovic, Borragán (9, 3 pen.), Nonó (1), Kauldi (7); Cavero, Vázquez, Cristian (2), Azkue (4), Muiña (1), Basaric, Iker Serrano (4).
23 - BM Benidorm: Calle (Mijuskovic); Esteban (4, 1 pen.), Simonet, Marchán (1), Jiménez (3), Cuartero (2), Corzo (4, 2 pen.); Javi Sánchez, Torriko (5), Eloy, Salinas (4), Chernov, Sáez, Vallés, Iván Rodríguez.


Comentarios