top of page

Anaitasunak Cangas hartuko du eta Bidasoak Leongo Ademar

Iruñeako Anaitasuna eta Cangasko (Galizia) Frigorificos Morrazo izango dira ASOBAL Ligako 18. jardunaldia irekiko duten taldeak. Partida bihar asteazkena jokatuko da Anaitasuna Pabilioian arratsaldeko zortzietan. Irungo Bidasoak, aldiz, Leongo (Gaztela eta Leon) Ademar hartuko du Artalekun larunbatean, arratsaldeko bostetan.


Berebiziko garrantzia du bihar Anaitasunak Frigorificos Morrazoren aurka kokatuko duen partidak. Galiziarrek irabazi beharra dute azpiko zulotik ateratzeko. Azken bigarrenak dira sailkapen nagusian eta horrela jarraituz gero mailaz jaitsiko dira. Anaitasunak ere ezin du huts egin larunbateko partida garrantzitsuaren bezperan (Lisboan jokatuko du Benficaren aurka EHF cup-eko bigarren jardunaldia). Nafarrek galduz gero, beheko postuetara hurbildu daitezke, zulotik gero eta gertuago.


Bidasoaren kasua bestelakoa da. Mailari eustea dute helburu, eta hori lortzeko lanak ezin hobeto ari dira egiten. Sailkapenaren erdi-erdian aurkitzen dira, 8. postuan 15 punturekin. Horretan asko lagundu dute lortu berri dituzten azken bi garaipenek. Gipuzkoarrek ezin hobeto ekin diote bigarren itzuliari munduko txapelketako atsedenaldiaren ostean. Orain arte jokatu diren bi partiduetan atera dira garaile.


Ademar Leon talde horiaren dinamika positibo hori apurtzeko helburuarekin iritsiko da Artalekura, ordea. Denboraldi osoan zehar indar handia erakusten ari dira etxean zein etxetik kanpo. Horixe islatzen du sailkapen nagusian duten kokapenak ere. Bigarren postuan aurkitzen dira garaitezina bihurtu den FC Barcelonaren atzetik. Aurreko astean ez ustekoa eman zuten Logroñoko Naturhouse La Riojari haren etxean 4 golen aldearekin garaituz, eta ondorioz aipaturiko bigarren postua lapurtu zieten.


Ademar irabazteko hautagai nagusia den arren, ez da lan erraza izango Bidasoa garaitzea. Zaleen aurrean indartu egiten dira Jacobo Cuetarak zuzendutako mutilak. Goialdeko taldeek pairatu dute Artalekuk beren jokalariei emandako indarra. Bartzelonako Granollersek, esaterako, espero ez zuen kolpea jaso zuen eta esku hutsik bueltatu zen etxera.


Dena dela, partida handia espero da Artalekun. Bidasoa itzuli da, eta geratzeko intentzioarekin.



bottom of page