top of page

Lehen eta bigarren mailako euskal taldeek asteburu kaskarra izan dute gizonezkoetan

Helvetia Anaitasunak, Bidasoak, Amenabar Zarautzek eta Tolosak galdu egin dituzte asteburuan jokatutako partidak. Zarautz eta Tolosaren porrotak bereziki mingarriak izan dira.


Indartsu hasi zuen denboraldia Amenabar Zarautzek, lehen bi partidak irabazita eta hirugarrena berdinduta. Pentsa zitekeen, maila mantentzeko urteroko denboraldi amaierako estualdiak saihestuko zituztela aurtengoan. Ez da horrela izango, ez. Liga luzea da eta bakoitza dagokion tokian kokatu ohi da azkenerako, eta dirudienez, aurten ere azkeneraino borrokatzea egokituko zaie zarauztarrei.


Zilarrezko mailari eustearen pultsu horretan, froga garrantzitsu baten aurrean ziren Urola Kostakoak larunbatean. Puntu bakarrera zuten Bordilsen aurka jokatzen zuten etxean, Aritzbatalden. Aurkari zuzen bati kolpe garrantzitsu bat emateko aukera paregabea zen, eta bide batez jaitsiera postuak uztekoa. Tamalez, ez zuten aukera aprobetxatu. Gol bakarraren aldearekin nagusitu ziren Kataluniakoak defentsa estuetako partida batean (18-19). Azken-hirugarren postuan jarraituko dute 14 punturekin gipuzkoarrek beraz, beste jardunaldi batez.


Tolosaren kasuan ere, etxean galdu zuen gol baten aldearekin Madrilgo Carabanchelen aurka. Hiru puntu besterik ez dituzte eskuratu orain arte urdinek zilarrezko mailan ari diren lehen urte honetan eta miraririk gertatu ezean maila galduko dute. Liga amaitzeko 9 jardunaldi besterik falta ez direlarik 12 puntutara dute azken laugarren sailkatua (mailari eutsiko dion azken taldea, alegia). Madrildarrentzat bestalde, garaipen garrantzitsua izan zen Tolosan lortutakoa horiek ere maila eustearen borroka horretan baitaude 18 punturekin.


Lehen mailako taldeei dagokionez, Anaitasunak asteazkeneko ligako partidan Galiziako Cangasi aparteko zailtasunik izan gabe Iruñean irabazi ondoren (33-22), Benficaren aurka ere bide beretik jarraitzeko intentzioarekin heldu zen larunbatean Lisboara. EHF Cup-eko bigarren jardunaldia lehengoaren bidetik jarraitzea zen helburua, baina, ezin izan zuten lortu, eta esku hutsik itzuli behar izan zuten Portugaletik gorabehera handiko partida galdu ostean. Hamar gol azpitik joan zen atsedenaldira talde euskalduna. Bigarren zatian hobeto ekin zioten eta markagailua makilatzea lortu zuten, aldea 5 goletara murriztuz azken emaitzan (33-28).


Bidasoak, aldiz, Ademarren aurka galdu zuen espero bezala. Irundarrek ez zuten porrota merke saldu ordea. Hiru golen aldearekin soilik garaitu zituen Leongo Ademarrek (28-31). Gainera, esan beharra dago, partidan zehar zenbaitetan izan zirela aurretik markagailuan Jacobo Cuetararen mutilak. Artalekura hurbildu ziren zaleengandik jasotako bultzadek asko lagundu zuen horretan, zalantzarik gabe. Klubetik aste osoan zehar deitu zieten zaleei eta Irungo herriak ez zuen huts egin.




bottom of page