top of page

Bera Berak eta Zuazok bide onetik jarraitzen dute



Donostiako Super Amara Bera Berak lider jarraituko du aste honetan ere atzo Valentziako Canyamelarri 17-27 irabazi ostean. Zuazori dagokionez, beste puntu bat jan diote barakaldokoek Kanariar irletako Rocasari Bartzelonan Granollersen aurka berdinduta.


Sekulako denboraldia ari dira egiten bi talde euskaldunak. Ligako partida bakarra galdu du Bera Berak orain arte. Halere, bi puntu soilik ateratzen dizkio atzetik estutzen ari zaion Pontevedrako (Galizia) Mecalia Atletico Guardesi. Dirudienez, galiziarrek Rocasaren testigua hartu dute aurtengoan Bera Berari liga borrokatzeko. Azken urteetan kanariarrak izan dira gipuzkoarren aurkari nagusiak, baina, nahiko pattal dabiltza aurtengo denboraldian. Hirugarren postuan kokatzen dira 6 puntu atzetik. 4 partida galdu dituzte dagoeneko. Azkena, asteburu honetan bertan, Malagan jokatu duten partidan.


Bien bitartean, Barakaldoko Prosetecnisa Zuazok ere lan txukuna egin eta puntu garrantzitsu bat eskuratu zuen atzo Bartzelonan, KH-7 BM. Granollersen aurka jokatutako partidan. Aurretik izan ziren ia partida guztian zehar, baina, amaierako azken 5 minututan etxekoek bira eman zioten markagailuari. 17 segundoren faltan aurretik jarri ziren partidan lehenekoz. Baina, zorionez, denbora amaitua zelarik Zuazok penaltia izan zuen partida berdindu ahal izateko, eta baita egin ere. Eskuratutako puntuarekin eta Rocasaren aipaturiko porrotarekin, kanariarrengandik puntu bakarrera dira laugarren postuan bizkaitarrak.


Hurrengo jardunaldiari begira, denboraldiko partida garrantzitsuenetako bat izango du Zuazok. Bosgarren postuan den Rincon Fertilidad Malaga hartuko dute etxean, Lasesarren, larunbatean 19:30etan. Bera Berak aldiz, KH-7 BM. Granollers hartuko du Bidebietan.





bottom of page