top of page

Aste bikaina euskal taldeentzat orokorrean



Lehen mailan aritzen diren gizonezkoen euskal taldeek zein emakumezkoenek aste bikaina izan dute. Guztiek irabazi dituzte beren partidak Zuazok izan ezik. Bizkaitarrek kolpe mingarria jaso dute Rincon Fertilidad Malagaren aurka galduta.


Iruñeko Helvetia Anaitasunak aste honetan jokatu dituen bi partidak irabazi ditu. Asteazkenean jokatu zuten asteko lehen partida, ASOBAL ligako partida, Santanderreko DS Auto Gomas Sinfinen aurka. Aparteko zailtasunik gabe irabazi zieten, 31-24. Atzo jokatu zuten partidan, aldiz, Europa mailako EHF cup txapelketako hirugarren jardunaldian, zailtasun handiagoak izan zituzten Alemaniako Melsungen taldea garaitzeko. Amaierara arte estutu zen partida, Erik Balenciaga zarauztarraren azken golak erabaki zuen: 23-22 nafarrentzat.


Bidasoari dagokionez, ez du Europa mailako txapelketarik lehiatzen. Lehen mailara igo berri, goizegi da horretarako. Nahikoa dute gipuzkoarrek beren lanak egin eta maila mantentzearekin. Esan beharra dago, hori bai, helburua lortzeko bide onetik doazela, atzo ere garaipen garrantzitsu bat eskuratu baitzuten etxetik kanpo, Valentziako Fertiberia Puerto Saguntori 23-24 irabazita. Ia partida guztian zehar aurretik izan ziren irundarrak, baina, azken momentuetan etxekoek lanak zaildu zizkieten. Zorionez, bi puntuak poltsikoan itzuli dira Euskal Herrira.


Emakumezkoei dagokionez, Super Amara Bera Berak berean jarraitzen du. Beste garaipen bat eskuratu du, aurreko astean aurreratutako Bartzelonako KH-7 Granollersen aurka, Bidebietan jokatutako partidan. Espero zitekeena baino partida gogorragoa izan zen atzokoa eta hiru golen aldearekin soilik nagusitu ziren donostiarrak, 26-23. Emaitza horrekin lidertzan jarraituko dute beste astebetez.


Dena ez da zoriona euskal taldeentzat ordea. Tamalez, Barakaldoko Prosetecnisa Zuazok porrot mingarria pairatu zuen atzo etxean Rincon Fertilidad Malagaren aurka. Atzetik zituzten andaluziarrak bostgarren postuan hiru puntura eta puntu bakarrera daude orain, sailkapeneko postu berean, hori bai. Aukera polita zuten bizkaitarrek Kanarietako Rocasari sailkapenean aurreratzeko, egun batez behintzat. Gaur jokatuko dute kanariarrek eta irabaziz gero, 3hirupuntutara aldenduko dira berriz ere.


bottom of page