top of page

Kauldi Odriozola: "Ikasketen eta konpetizio profesionalaren konbinazioa gogorra da, baina ez na

Kauldi Odriozola 20 urteko gazte zumaiarra da. ASOBAL ligan, ari da jokatzen aurten lehenekoz Irungo Bidasoarekin. Pulpon, bere herriko taldean jokatu zuen jubenil mailara arte, Bidasoak fitxatu zuen orduan. Zilarrezko mailan izugarrizko denboraldia egin ondoren lehen mailara igotzea lortu zuen Kauldik Bidasoarekin iaz. Bizitzen ari den esperientzia berri horretaz hitz egiten aritu da eskualbaloia-rekin.


Galdera: Nolakoa ari da izaten zure lehen urtea lehen mailan Bidasoarekin? Presioa handia izango da, ezta?

Erantzuna: Ahalik eta ondoen egiten ahalegintzen naiz. Banuen gogoa pausua emateko eta ilusio handiz ekin diot ASOBAL ligan jokatzeari. Gainera, momentuz taldea ere ondo dabil. Iaz igo ginen eta helburua mantentzea da. Horrek aipatzen duzun presio hori handiagotzen du. Azken batean, exigentzia altuko maila batean jokatzen dugu orain, eta denok ondo egin nahi dugu.


G: Zure kasuan, etxetik gertu jokatzen duzu, Bidasoan. Lagunak eta familia inguruan izanda, errazago eramaten da aipaturiko presio hori?

E: Nik uste presioa denok pairatzen dugula, etxetik gertu edo urruti egon. Azkenean, esan bezala, denok ongi egin nahi dugu eta presioa guztiontzat berdina da. Egia da familia eta lagunak gertu izatea eskertzekoa dela, babes handia ematen dute eta une zailak gainditzeko ezinbestekoak izaten dira gehienetan.


G: ASOBAL ligara iaz Bidasoarekin mailaz igota heldu zara. Berezia izango zen ezta?

E: Bai. Sekulako denboraldia egin genuen eta oso berezia izan zen etxean, Artalekun, gure zaleen aurrean, igoera lortzea. Gainera zumaiar ugari ere etorri ziren ikustera. Egia esan, ez dakit zein denboraldi izan zen hobea, Pulporekin jubeniletako azken urtean jokatu genuena, non Espainiako txapeldunorde geratu ginen. Edo iaz Bidasoarekin lortutako igoerarena. Zorte handia izan dut orain arte, gauza handiak bizi izan baititut eskubaloian denbora gutxian. Aipatutakoaz gain, iaz Europako txapeldun ere geratu ginen Espainiar selekzioarekin junior mailan.


G: Orain ASOBAL ligan jokatzen duzula, gorenean, lehen aipatu dugun presioaz gain, eskatzen dizueten exigentzia fisikoa ere izugarria da, ezta? Entrenamendu asko, bidaia luzeak eta partida gogorrak. Gainera, denboraldia amaitzean ez duzu atseden hartzeko denborarik izaten ia. Espainiako selekzioaren txapelketak datoz eta esan duzun bezala, bertatik ere deitzen dizute. Nola daramazu hori guztia?

E: Oso gogorra egiten da. Gainera, ni ikasle ere banaiz. Asko dira kirola egiteaz gain ikasi ere egiten dutenak, baina, gehienek ikasteari eskaintzen diote denbora tarte handiena. Nire kasuan, aldiz, konpetizio profesionalean aritzen naizenez, entrenamendu gogorrak ditut, bidaia luzeak, eta ikasteari ere denbora eskaini behar diot. Baina ez naiz kexatzen, nik hautatu dudan zerbait da. Eskubaloia izugarri gustatzen zait eta oso gustura joaten naiz entrenatzera bertan dena emanez postua irabazteko. Aldi berean, ikasketak ere oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit eta denbora eskaini behar zaie, nahiz eta aurten ikasteko denbora gutxiago izan.

Baina egia da, gogorra egiten dela, bai. Zeren esan duzun bezala, ez dut atseden hartzeko denborarik izaten eta horrek nekatu egiten du. Nekea fisikoa baino gehiago mentala izaten da. Uda atseden hartzeko unea izaten da teorian, baina, esan duzun bezala, espainiar junior selekzioko deia jasotzen dut orduan. Bertan ere entrenamendu gogorrak izaten dira, atzerrira bidaiak partida gogorrak jokatzeko... Eta lagunak bitartean hondartzan. Halere, esan behar dut gustura egoten naizela selekzioan ere, taldekideak lagunak bihurtu dira azkenean. Baina bai, atseden apur bat izatea faltan botatzen dut.


G: Aipatu duzunez, ikasle ere bazara. Gainera, ikasketak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkizula gaineratu duzu. Jokalari profesional izanda zergatik ematen diezu hainbesteko garrantzia ikasketei?

E: Oso garbi dut ikasketak ezin ditudala utzi. Maila profesionalean aritu arren, eskubaloia ez dago bere egoera onenean. Ez da beste garai batean izan zen kirola. Gaur egun talde handi batean ez bazaude behintzat ezin duzu eskubaloitik betirako bizi. Beraz, komeni da zerbait izatea profesional izateari uzten diozunerako.


G: 20 urteko gaztea zara eta lehen mailan zaude jada. Hori oso handia da. Baina, baduzu beste anbizioren bat? Zein da zure ametsa?

E: Txikitan nuen ametsa eskubaloiaz bizi ahal izatea zen, edo behintzat profesional izatera iristea. Hori lortu dut, egia da ASOBAL liga orain ez dela garai batean izandakoa. Ni txikia nintzenean orain dagoena baino maila altuagoa zegoen ligan. Baina, beno, orain apalagoa izan arren, lehen mailara heltzea lortu dut behintzat. 20 urterekin, maila profesionalean lehiatzearen ametsa bete dut. Aurrera begira jarrita, egia esan, ez dakit oso ongi zer esan. ASOBAL ligan mantendu eta bertan urte asko igaro, eta are urrunago begiratuz, ba... egunen batean Espainiako selekzioan jokatzea gustatuko litzaidake eta baita Europa mailako txapelketaren bat jokatzea ere.


bottom of page