top of page

Zarautz zulotik atera da eta Tolosak maila galdu du euskal derbien astean


Lehen mailan zein zilarrezkoan izan ditugu euskal derbiak aste honetan. Anaitasunak eta Bidasoak asteazkenean jokatutakoa lehena, eta Zarautzek Tolosaren aurka atzo jokatutakoa bigarrena. Bi partidetan etxeko taldeak nagusitu ziren. Kostata, hori bai.


Partida izugarri estua izan zen zilarrezko derbia. Hil ala biziko partida zen atzokoa bi taldeentzat. Tolosak bi puntuak eskuratu ezean, maila galduko zuen matematikoki. Zarautzek, aldiz, zulotik ateratzeko aukera aprobetxatu beharra zuen. Gol gutxiko partida izan zen, defentsa estuetan oinarritua. Zarautzek gustuko dituen horietakoa.


Harmailak goraino beterik, lehen minututik antzematen zen tentsioa Aritzbatalden. Etxekoak lehen zati guztia Tolosaren atzetik ibiltzeak ez zuen lagundu. Lehen zatiko azken unera arte Tolosa izan zen aurretik markagailuan. Hura amaitzeko 3 segundoren faltan aurreratu ziren etxekoak lehenekoz, atsedenaldira 11-10 joateko.


Bigarren zatia lehengoa bezain estua izan zen. Baina, aurrekoan ez bezala, Zarautz izan zen ia momentu oro markagailuan aurretik ibili zena. Tarte txiki bat irekitzera ere heldu ziren zarauztarrak, 21-17 jarri ziren aurretik bigarren zatiko 15. minutuan. Tolosa ez zen errenditu, ordea. Bost gol jarraian sartu eta markagailuari bira eman zioten partida amaitzeko 5 minutu eskasen faltan. Aritzbataldeko harmailak bere momentua iritsi zela ikusi zuen orduan. Zaleek ulertu zuten taldeak haien beharra zuela. Taldeari zuzendutako animo oihuak ez ziren partida amaitu arte eten, ezta aurkariari presioa sartzeko txistuak ere haiek baloia zutenean.


Gol bakarra aurretik eta jokalari bat gutxiagorekin ekin zion Zarautzek bere azken erasoari. Partida amaitzeko minutu erdia besterik falta ez zenean, Aitor Urbitartek hutsartea eskatzea erabaki zuen. Azken eraso hori ongi prestatu beharra zuen. Gola egitea ia ezinbestekoa zen partida irabazteko. Hutsartea amaituta baloia jokoan jarri zenean, berehala jaso zuten eskua epaileek "pasivo" egoeraz ohartarazteko. Azkar jaurti beharra zuten, baino Tolosako defentsak ez zuen tarterik uzten. Mikel Iraeta agertu zen orduan, Zarautzeko goleatzaile nagusiak garaiz aurkitu zuen beharrezko tarte hura. Jaurtiketa huts egin zuen, ordea. Halere, epaileek penaltia egin ziotela ulertu eta halaxe adierazi zuten. Garbia izan zen.


Penaltia sartu beharra zegoen. Hori ez da ordea zarauztarren indar nagusietako bat. Ordura arte partidan jaurtitako 3 penaltitatik bakarra sartu zuten. Urduritasuna nabaria zen harmailetan. Josu Atorrasagastik hartu zuen jaurtiketaren ardura. Gola egin eta zoramena zabaldu zen Aritzbatalden. 9 segundo besterik ez ziren falta eta bi gol aurretik ziren etxekoak, 25-23. Halaxe bukatu zen partida, Tolosa maila bat beherago eta zarauztarrak praketan kabitu ezinda zulotik atera direlako.


Anaitasuna ere garaile euskal derbien astean

Asteazkenan jokatu zen lehen mailako derbia ez zen horren partida estua izan, baina bai gora-behera handikoa. Talde baten zein bestearen haize boladek gidatu zuten partidaren norakoa. Azken emaitza ikusita (34-29), Anaitasunak aparteko zailtasunik gabe irabazi zuela pentsa daiteke. Egia da partida guztian aurretik izan zirela nafarrak, baina, azken 10 minutuak estuak izan ziren. Anaitasunak lehen zatiaren erdialdera lau goleko errenta eskuratu zuen, eta hori mantendu nahian ibili zen handik aurrera. Baina, bigarren zatiaren erdialdean, haizearen noranzkoa aldatu zen. Bidasoak gol zaparrada batekin Anaitasunaren aldea gol bakarrera murriztea lortu zuen. Zazpi minutu inguru ibili ziren bi taldeak kolpeak tartekatuz, Iruñekoen aldeko bi eta gol bateko errentan dantzan ibili zen markagailua. Partida amaitzeko 10 minuturen faltan berriz aldatu zen haizearen noranzkoa, ordea. Anaitasunak bere lau goleko errenta berreskuratu zuen eta irundarrek besoak jaitsi zituzten. Azken emaitzan bost golekoa izan zen errenta.



bottom of page