top of page

Euskal eskubaloiaren asteburu magikoak Iruñean izan du epizentroa

  • Jabi Gonzalez Toston
  • 2 abr 2017
  • 2 Min. de lectura

Zorioneko asteburua izan dugu apirileko lehena. Gorenean dauden euskal talde guztiek irabazi dituzte jokatutako partidak. Neskek zein mutilek. Aipagarriena Anaitasunak lorturiko garaipena izan da. Lisboako (Portugal) Benfica garaituta, final laurdenetarako sailkatzea lortu dute Europa mailako EHF Cup txapelketan. Bigarren mailan, Zarautzek ere garaipen garrantzitsua eskuratu du bigarren jardunaldiz jarraian.


Bozidar Nadoveza Erik Balenciagaren gainean ustu zuen garagado botila ospakizunean. Atzean Alvaro Gaston

Argazkia: Diario de Navarra; Eduardo Bauxens

Historia egin dute nafarrek. Iaz lehenengoz aritu ziren Europa mailan, baina, jokatutako sei partidetatik bakarra irabazi zuten. Aurtengo nazioarteko bidaia bestelakoa izan da ordea. Lau partida irabazita, D taldeko bigarrenak izan dira, eta final laurdenetarako sailkatu dira. Alemaniako Fuchse Berlín edo Magdeburgoren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.


Lau golen aldearekin irabaztea behar zuen Iruñeko taldeak, eta baita lortu ere. 35-28 nagusitu zen etxeko taldea defentsan zein erasoan partida bikaina egin ostean. Arratsalde ederra izan zen. Nafarrek atsedenaldira eraman zuten emaitza ikusita (17-12), bazirudien final laurdenetara sailkatzeko aukera benetakoa zela. Etorkizun oparo hura are errealagoa bihurtu zen bigarren zatiaren hasieran. Iruñekoek partidako errenta handiena lortu zuten unean (9 golen aldea eskuratzera heldu ziren). Zalantzarako tartea ere egon zela esan behar da. Bigarren zati erdialdean bost goletara gerturatu baitzen berriz Benfica. Baina, horixe izan zen, zalantza une txiki bat besterik ez.


Bidasoa

Bidasoak ere errenta politarekin irabazi zuen ligako partida. Aurkari izan zuen Huescak baino 12 gol gehiago sartu zituen. Gezurra dirudien arren, bigarren zatian erabaki zen partida. Izan ere, berdinduta joan ziren aldageletara atsedenaldian (11-11). Bigarren zatian, etxekoek sekulako erakustaldia eskaini, eta kanpotarrek errazegi eman zuten amore. 29-17, azken emaitzan.


Emaitza horrek sailkapeneko 7. postua berreskuratzeko balio izan die Jacobo Cuetarak zuzendutako mutilei. Badirudi benetako aukera izango dutela gipuzkoarrek datorren urtean Europako txapelketa jokatzeko. Horretarako aukera ematen duten plaza preziatuen lehian sartu dira bete-betean. Europarako azken txartela eskaintzen duen sailkapen nagusiko bosgarren postua hiru puntura besterik ez dute.


Loterias Liga

Bera-Berak espero baino zailtasun gehiago izan ditu Loterias Liga-ko azken sailkatua garaitzeko. Gol baten aldearekin besterik ez dute garaitu BM. Base Villaverde (21-22). Garaipen horrekin lehen postuan jarraituko du talde gipuzkoarrak sailkapenean. Baina, atzetik estu-estuan jarraituko du Mecalia Atl. Guardesek. Ligako hirugarren sailkatua den Rocasa Gran Canaria garaitu dute asteburu honetan galiziarrek eta liderrarengandik bi puntutara mantenduko dira. Bide batez, Rocasa liga irabazteko lehia horretatik kanpo utzi dutela esan daiteke.


Prosetecnisa Zuazok ere partida irabazi du jardunaldi honetan Madrilgo Alcobendasen etxean (16-25). Laugarren postuari tinko eusten ari da Barakaldoko taldea eta Rocasarengandik puntu bakarrera dago berriro.


Gizonezkoen bigarren maila

Amenabar Zarautzek arnas hartzen jarraitzen du. Zulotik lau puntutara aldendu da atzo Kantabrian Torrelavegaren aurka lortu zuen garaipenarekin. Datorren astean mailari eustearen lehian hil ala biziko beste partida bat jokatuko du Aritzbatalden bere puntu berak dituen (19) baina sailkapenean postu bat gorago dagoen Segoviako Viveros Herol BM. Navaren aurka.


Tolosari dagokionez, beraiek izan dira galdu egin duten euskal talde bakarra. Cisne Colegio los Sauces talde galiziarrak menderatu ditu.


Comentarios


  • Facebook Social Icon
  • Twitter Social Icon
  • YouTube Social  Icon
  • Instagram Social Icon

Irakurritakoa gustatu? Partekatu ezazu eta jarraiguzu gure sozialetan ere!

bottom of page