top of page

Asteburu ederra bigarren mailan

  • Jabi Gonzalez Toston
  • 8 abr 2017
  • 2 Min. de lectura

Tolosak zein Zarautzek irabazi egin dute ligako 27. jardunaldian. Denboraldiko bigarren garaipena izan da Tolosarentzat. Zarautzen kasuan, azken garaipenarekin hiru jarraian daramatza eta jaitsiera postuetatik lau puntutara aldenduta hjarraitzen du.

Urtzi Otegi taldearen goletako bat ospatzen

Argazkia: Malen Otxoa; @tolosaeskubaloi twitter kontutik aterata


Maila Zarautzen galdu zuen matematikoki Tolosak, baina borrokatzen jarraitzen dute. Mailari itxura onarekin esan nahi diote agur, eta, horretarako sailkapenean posturen bat aurreratzeko aukera badute, egingo dute. Atzo eman zuten lehen urratsa hori egiteko etxetik kanpo irabazita, Gijonen (Asturias).


Maila mantentzeko aukera gabe geratu den Gijon Jovellanosen aurka jokatzen zuten, postu bat aurretik dagoen azken bigarren sailkatuaren aurka, hain zuzen. Alde txikienarekin gailendu ziren, 26-27.


Tolosarrak partida guztian zehar aurretik izan baziren ere, ez zuten inoiz lortu ihes egitea. Zorionez, aurkariak ez zituen behin ere aurreratu. Atzoko garaipenarekin puntu bakarrera jarri dira gipuzkoarrak, eta hurrengo jardunaldian aurreratzeko aukera izango dute. Gijon Jovellanosek galtzen badu, noski. Cajasur Cordoba, azken hirugarren sailkatua hartuko du etxean Tolosak. Irabaziz gero, Zarautz berari ere mesede handia egingo diote, izan ere, Cordobak ahalik eta puntu gutxien eskuratzea komeni zaie kostaldekoei. Andaluzek ixten dituzte jaitsiera postuak eta hobe urrun jarraitzea. Zarautzengandik lau puntura daude momentuz.


Dena dela, Zarautzek bere etxeko lanak egin beharko ditu Tolosan gertatzen denari larregi begiratu gabe. Azken jardunaldietako bidetik jarraitzen badu ez du izango zertan kezkatu. Hiru partida irabazi dituzte segidan, aurkari zuzena den Viveros Herol BM. Navaren aurka azkena. Partida estua aurreikusten zen bi taldeek jokatzen zutena kontuan harturik. Baina, espero baino erraztasun handiagoarekin nagusitu ziren zarauztarrak, 32-24. Esan daiteke lehen zatian erabaki zutela partida, zazpi golen aldearekin iritsi baitziren atsedenaldira (16-9). Bigarren zatian aldea mantendu besterik ez zuten egin. Mikel Iraetak zer esan handia izan zuen atzoko garaipenean, 12 gol egin zituen gipuzkoarrak partida osoan.


Datorren asteari begira partida gogorragoa espero dute Zarautzen. Taldeak berriz ere Aritzbatalden jokatuko du zaleen aurrean. Zamora jasoko dute oraingoan, laugarren postuan aurkitzen dira Gaztela eta Leongoak sailkapenean, ASOBAL Ligara igotzeko play off-a jokatzeko aukera ematen duten postuetan.


Comentarios


  • Facebook Social Icon
  • Twitter Social Icon
  • YouTube Social  Icon
  • Instagram Social Icon

Irakurritakoa gustatu? Partekatu ezazu eta jarraiguzu gure sozialetan ere!

bottom of page