top of page

Pulpoko harrobiak jasotako fruituak

Zumaiako Pulpo eskubaloi taldean hezitako Kauldi Odriozola eta Ander Torriko lehen mailara heldu dira aurten

Argazkia: baleike.eus

Zumaian eskubaloia garrantzi handia duen kirola da. Datorren urtean mende erdia beteko duen Pulpo Kirol Elkarteak (herriko eskubaloi taldeak) Zumaian gazte gehien biltzen dituen taldea da futboleko Zumaiakorekin batera. 19 talde izan zituen iaz. Gaur egun, aldiz, 16 senior eta harrobiko taldeak batuta.


Eskubaloiak Zumaiako herrian izan duen historia laburrean, jokalari bikainak izan dira, baina, guztien artean ezagunenak Kauldi Odriozola eta Ander Torriko dira ziurrenik, Ibon Enbilen baimenarekin. Pulpok inoiz eman duen belaunaldi onenaren kide, aurten estreinatu dira biak ASOBAL ligan (Espainiako lehen maila) 19 urterekin. Harrobiko maila guztietatik igaro ondoren, taldea utzi zuen batak zein besteak 2015eko udan zilarrezko mailan jokatzeko. Lehena Bidasoara mugitu zen eta bigarrena Zarautzera.


Iaz, zilarrezko mailan denboraldi bikainak burutu ondoren, esan bezala, lehen mailan ari dira aurten. Bide ezberdinetatik heldu dira ordea, Benidormek fitxatuta heldu da Torriko eta Bidasoarekin igoera play-offa irabazita Odriozola.


Zeharkatu duten ibilbidea ezberdina izan den arren, ilusio berarekin ari dira Pulpoko harrobian hezitako bi lagun minak. “Amets bat betetzen ari naizela esan nezake, inoiz ez nuke pentsatuko 19 urterekin ASOBAL ligan arituko nintzenik”, dio Torrikok. Odriozolak ere antzeko sentsazioak ditu. Bera ere txikitako amets bat betetzen ari da: “eskubaloiko jokalari profesionala izatera heldu nahi nuen eta hori lortu dut. Orain ahalik eta ondoen egitea da helburua”.



Ander Torriko: “Amets bat betetzen ari naiz”





Argazkia: baleike.eus



ASOBAL ligan jokatzea ez da orain arte irabazi duten sari bakarra. Gazteak diren arren, arrakasta ugari bizi izan dituzte. Pulpo bertan bizi izan zuten handienetako bat duela pare bat urte, jubenil mailako azken urtean. Espainiako txapeldun orde geratu ziren finalean F.C. Bartzelona handiaren aurka luzapenean galdu ostean. Horrez gain, azken udan junior mailako espainiar selekzioarekin joan ziren biak Europako Txapelketa jokatzera Danimarkara eta Europako txapeldun itzuli ziren. Odriozolak ordea, Torrikok lortu ez duen zerbait badu. Lehen aipaturiko maila igoera Bidasoarekin. Esperientzia “oso berezia” bere esanetan, etxean irabazi baitzuten zaleen aurrean.

Lehen mailan jokatu duen beste zumaiar bat, arestian aipaturiko Ibon Enbil da. 24 urterekin heldu zen Espainiako liga gorenera, Bidasoaren eskutik hau ere. Aurretik, Bidasoan jokatu bazuen ere (Jubenil mailan, Pulpo utzi ondoren), Arrasate eta Eibarreko Arratetik igaro zen 1998. urtean Bidasoako lehen taldera salto egin baino lehen. Enbilek ASOBAL ligan jokatzeko aukera lehenago izan zuen, jubeniletako garaia amaitu berri, Bidasoako lehen taldearen eskaintza jaso zuenean. Unibertsitate ikasketak egitea erabaki zuen, ordea. Horiek amaituta, Bidasoaren bigarren eskaintza jaso zuen. Orduan onartu zuen. Bidasoan hiru urtez aritu ondoren, zilarrezko mailan ibili zen Huesca eta Barakaldorekin.


Jokalari garaia atzean utzi badu ere, eskubaloiari lotuta jarraitzen du Enbilek. Entrenatzaile lanetan ari da gaur egun, Castro Urdialesen emakumezkoen talde bat zuzentzen. Iaz iritsi zen taldera eta zilarrezko mailara igotzea lortu zuten. Entrenatzaile moduan egin duen bidean, Kauldi eta Anderrekin gurutzatzera ere heldu da. Hirurek ongi gogoratzen dute urte hura, Espainiako txapeldun orde geratu baitziren.


Odrozola rta Torrikok gauza dezente partekatzen dituzte: kuadrilla, lehen mailako debut urtea, elkarrekin irabazitako txapelketak... baina, jokalari ezberdinak dira. Kantxan duten kokapenaz haratago (Eskuin hegalean jokatzen du Kauldik eta erdian Anderrek, jokoa zuzentzen), ezaugarri ezberdinak dituzte. Aipagarriena besoa, Odriozolak ezkerrarekin jaurtizen du eta eskuinarekin, aldiz, Torrikok.


Ramon Gurrutxagak ere ongi ezagutzen ditu. Pulpok duen entrenatzaile beteranoena da, taldeari lotuta jarraitzen duen kide historikoetako bat. Harrobiko taldeak entrenatu izan ditu beti eta elkarrekin inoiz kointziditu ez duten arren, gertutik jarraitu ditu.


“Kauldi bezalako jokalaririk ez dut inoiz ikusi. Sekulako jokalaria da, oso konpletoa. Dena du, bista, ausardia, jaurtiketa... dena!”, dio Gurrutxagak orain Bidasoan aritzen den jokalariaz. Halere, aitortzen du pena ematen diola zertxobait garaiagoa ez izatea. Torrikorentzat ere baditu laudorioak, noski, oso argia eta ausarta iruditzen zaiola esaten du. Horrez gain, aurpegia ere baduela gaineratzen du. Lotsagabea dela, alegia.


Bi jokalarien analisian murgilduta, aurrera egiteko beldur gutxiago ikusten dio Gurrutxagak Torrikori. Odriozola bestalde, erosotasuna bilatzen duen jokalaria da bere ustez. Nonbaiten gustura badago, asko kostatzen zaio bertatik alde egitea. Horixe gertatu omen zitzaion Pulpo utzi zuenean ere. Gurrutxagak kontatzen duenaren arabera, kanpora irteteko gogo handirik ez zuela aitortu zion Odriozolak behin. Pulpon oso gustura zegoen kuadrillako lagunekin taldean.

Ramon Gurrutxaga: “Kauldi bezalako jokalaririk ez dut inoiz ikusi”


Ikasketak

Urte bakarrean zuzendu bazituen ere, bi gazteek oso gogoan dituzte oraindik Enbilek emandako gomendioak, entrenatzaileak eskatutakoa betetzen jarraitzen baitute. Ikasketei jarraikortasuna ematea, alegia. Enbilek bere garaian egin zuen bezalaxe, Torrikok zein Odriozolak unibertsitateko ikasketak eskubaloiarekin tartekatzen dituzte.


Pasa den denboraldian bidaia luzeak egitera ohitu baziren ere, goiz eta arratsalde entrenatzen dute aurten sarritan. Gainera, partidak ere gogorragoak izaten dira orokorrean. Horrek, ikasteko tarte handia kentzen die, baina, Odriozolak zein Torrikok beren graduetan jarraituko dutela diote. Ondo barneratuta du batak zein besteak ikasketen garrantzia. Badakite jokalari profesional izateari uzten diotenerako zerbait ikasita izatea komeni zaiela.


Pentsaera berekoa da Ramon Gurrutxaga. Berak eskubaloia pasio handiz bizi izan du beti eta bere taldeei “seriotasun handia” eskatzen die. Baina, onartzen du hare garrantzi handiagoa ematen diela ikasketei. Berarentzat funtsezkoena dira: “Gazteak ikasten dutenetik biziko dira. Eskubaloia lagunak egiteko eta ondo pasatzeko da, ez beste ezertarako”.


ASOBAL ez da izan zena

Kauldik eta Anderrek badakite ASOBAL liga ez dela garai batean izandakoa. Asko jaitsi da jokalarien maila Espainiako gorengo ligan. Ibon Enbilek bere garaian askoz atzerritar gehiago zegoela aipatzen du. Espainiako liga oso erakargarria zen Europa guztian bertan zeudelako talde eta jokalari handienak. Bigarren maila ere oso liga indartsua zen atzerritar ugarirekin. Horrez gain, ligako taldeek gehiago zaintzen zuten harrobia lehen eta jokalarien arteko talde barruko lehia handiagoa zen. Orain, aldiz, fitxaketekin osatzen dute taldea lehen mailako ia klub guztiek eta errazagoa da gorenera iristea Enbilen aburuz.


Ibon Enbil: "Nire garaian askoz atzerritar gehiago zegoen"


Espainiako ligaren gainbeheran krisi ekonomikoak eragin zuzena du. Izan ere, Espainiako liga gailurrean zegoenean, orduko taldeen babesle gehienak etxegintza enpresak ziren. Krisiak industria sektore horretan kalte handiak eragin zituen bereziki, eta ondorioz, eskubaloi taldeak babesteari utzi zioten.


Torrikok ere antzeman du aldaketa. Lehen maila ez da umea zenean telebistan ikusten zuen liga hura. Maila apalagoko jokalariek osatzen duten liga da gaur egun: “Orain ez daude lehen zeuden jokalariak. Nabarmen jaitsi da jokalarien kalitatea eta atzerritar kopurua. Orain gehienak espainiarrak dira, eta ez jokalari nazionalen maila igo delako”.


Guzti horrek ez du pauso erraldoiak emanez doazen bi olagarro hauen motibaziorekin amaitu. Egia bihurtu den ametsa gozatzen jarraituko dute orain arteko pasio berarekin eta aurrera begira erronka berrien bila. Etorkizunak arrakasta gehiago ekarriko dizkie. Ziur.

Argazkia: baleike.eus

Ramon Gurrutxaga, Pulporekin ezkondutako gizona

1968. urtean lehen taldea sortu zenez geroztik egon da loturik Ramon Gurrutxaga Zumaiako eskubaloiari. Jokalari ibili zen lehen talde hartan eta entrenatzaile 1974tik aurrera. Ezkongabea dela dio berak, baina, ume askoren “aita” izatera heldu da. Beti egon da umeez inguratuta, lanbide duen soinketa irakasle modura, Bolivian ibilitako garaian kaleko haurren heziketan, eta Pulpon, nola ez.


Entrenatzaile modura eman dituen urteetan makina bat jokalari igaro dira bere eskuetatik, Pulpotik zein Gipuzkoako selekziotik. Atentzioa gehien deitu zion jokalarietako bat, Ibon Enbil bera da: “Espainiako lateral onena zen. Altua, jaurtiketa ona, defentsan gogorra eta oso argia”, gogoratzen du Gurrutxagak.


Pulpon izan duen jardueran, zuzendaritza ugaritatik pasa da. Joxe Manuelekin, klubeko lehen lehendakaria, geratzen da guztien artean. Gogoan du gazteak zein ondo zaintzen zituen eta taldearentzat egin zuen lan handia. Beste zuzendaritza batzuekin gogorragoa da. Azkenarekin bereziki: “Ez zituzten gauzak ondo egin, Kauldi, Torriko eta hauen jubenil taldean zentratu ziren eta beste guztiak alde batera utzi”, horri jarraika, berak etorkizunean gertatuko zenaz ohartarazi zuela kontatzen du: “Urte gutxitan Pulpok behera egingo zuela esan nien eta hainbat taldek maila galduko zutela”. Halaxe gertatu da. Orain, zuzendaritza berriarekin, gauzak hobeto egiten ari dira Gurrutxagaren arabera.


Etorkizunari begira, berak argi du Zumaiako eskubaloiarena non dagoen. Emakumezkoetan. “Talde oso onak datoz eta laster ikusiko da”.


bottom of page