top of page

Bidasoa Euskadiko txapeldun


Bidasoako mutilak Euskal Kopa altxa zuten unea

Argazkia: Luis M. Unciti; Iturria: MundoDeportivo

Bidasoak Amenabar Zarautzi Euskal Kopako finala irabazi dio Hondarribiako Hondartza polikiroldegian. Honekin, hirugarrenez jarraian irabazi du txapelketa talde irundarrak. Guztietan Zarautz finalean gaindituta.


Espero baino zailtasun gehiago izan zituen Jacobo Cuetararen taldeak maila bat beherago dagoen Urola Kostako taldea garaitzeko. Partida estua izan zen zeharo, gol bakarraren aldearekin nagusitu zen a priori talde faboritoa zen Bidasoa, 25-26.


Lehen zati ia osoa aurretik izan ziren zarauztarrak, hogeigarren minutuan lau goleko errentarekin ziren aurretik (11-7). Atseden hartu aurretik, horiek estutu egin zuten ordea, eta gol bakarrera murriztu zuten aldea denbora amaitzear zela Iker Serranok eskuratu zuen golarekin (14-13).


Bigarren zatiari gogotsu ekin zion Bidasoak. Berehala jarri ziren aurretik bi gol jarraian sartuta. Baina Zarautzek lehen zatiaren bidetik jarraitzen zuen. Laster lortu zuen galdutako aldea berriz berreskuratzea. Berreskuratu eta tartea zabaldu, 18-15 ziren 37. minuturako. Defentsan estutu zuen orduan ASOBAL ligako taldeak eta lau gol jarraian eginda, aurre hartu zuen beste behin markagailuan. Handik aurrera, ez zion utziko kostaldeko taldeari berriz ere aurre hartzea. Bidasoa 20-23 gainetik, errenditzeaz urrun estutzen jarraitu zuen Zarautzek. Partida amaitzeko hiru minutu eskasen faltan gol batera jarri ziren berriz ere. Kauldik baloia hartu eta gol garrantzitsu bat sartu zuen orduan, eta jarraian beste bat Borraganek. Hiru gol aurretik ziren berriro. Mikel Iraetak bi goletara gerturatu eta Aitor Urbitartek defentsa aurreratzeko agindua eman zien bere mutilei. Baloia ostu eta kontraerasoan gola egin zuen Oihan Balenciaga gazteak, hamar segundo besterik ez ziren falta ordea, eta baloia Bidasoaren esku. Hortxe amaitu zen finala. Bidasoa garaile beste behin.


Bi lehengusu elkarren aurka

Mikel Martinez ezkerrean eta Kauldi Odriozola Eskuinean partida amaitu ondoren

Argazkiaren iturria: Kauldi Odriozolaren Facebooka

Euskal Kopako finalak bi lehengusuren arteko neurketa eskaini zuen. Mikel Martinez eta Kauldi Odriozola zumaiarren artekoa. Gure Esku Dagok Zumaian antolaturiko herri galdeketan bozkatzera elkarrekin joan ondoren, Hondarribian elkartu ziren berriro ordu batzuk beranduago. Ezkertiarrak biak, eta Pulpon hezituak, eskuin hegalean jokatzen du batak zein besteak. Gol bat egin zuen Mikelek eta bi Kauldik.


Oriotarren arteko lehia ere izan zen Hondartza polikiroldegian. Lau izan ziren kantxan, bat Bidasoaren alde eta hiru Zarautz defendatzen. Jon Azkue atera zen garaile eta Amilibia eta Atorrasagasti anaiek partidu ederrak jokatu zituzten arren, esku hutsik alde egin zuten. Amilibiak lehen hamar minutuak soilik jokatu zituen, lesio baten erruz lehenago amaitu behar izan zuen partida. Baina bi gol sartzeko astia izan zuen hala ere.


Mikel eta Kauldi Gure Esku Dagoko herri galdeketan bozkatu zuten unea

Argazkiaren iturria: Baleike; Twitter bidez

Amenabar Zarautz: Berridi, Ander Atorrasagasti (4), Martínez (1), Agirrezabalaga, Lertxundi, Balenziaga (3), Bujanda, Iraeta (3), Etxaniz (1), Olaizola (5), Ostolaza, Beristain (1), Josu Atorrasagasti (3), Amilibia (2) eta Goenaga (2).

Bidasoa-Irun: Dejanovic, Cavero, Vázquez (1), Martínez (3), Crowley (1), Beltza, Odriozola (2), Aldaba, Nonó (6), Zubiria, Borragán (3), Serrano (5), Azkue (2), Popovic (1) eta Lancina (2).


bottom of page