top of page

Bera Berak Rocasaren aurka galdu ondoren eskura utzi dio liga Mecalia Atl. Guardesi

Bera Berak esku hutsik amaitu dezake aurtengo denboraldia. Atzo kanariar irletan izandako porrotak (28-26) ligako txapeldun izateko ateak zabaldu dizkio Mecalia Atl.Guardesi. Bere esku zuen talde donostiarrak aurten ere liga irabaztea, baina denboraldiaren azken txanpan izan dituen emaitza kaxkarrek galiziarrek aurre hartzea eragin dute.


Leire Aramendia Silvia Navarro Rocasako atezainaren aurrean jaurtiketa egiten Erreginaren Kopako finalean

Iturria: RFEBM


Kanariarrak madarikazioa izan dira. Bi aste eskasetan birritan garaitu dituzte. Lehenekoz Erreginaren Kopako finalean (maiatzaren 1ean) eta bigarrenez atzo. Azken horrekin, esan bezala, ligak ihes egin dezake. Denboraldi osoan partida bakarra zuten galdua neska gipuzkoarrek, baina azken hiru jardunaldietan bi partida galdu dituzte eta horrek urte osoko lan ona saritua ez izatea eragin dezake.


Liga oraindik ez da amaitu ordea, beste bi partida geratzen dira oraindik. Itxaropena badago beraz. Bera Berak bi partida horiek irabazi behar ditu eta Guardesek baten bat galtzea itxaron. Hori gertatuz gero donostiarrak izango dira txapeldun. Ez dute erraza izango ordea. Hurrengo partidan derbia jokatuko dute etxean Barakaldoko Zuazoren aurka eta derbiak beti izaten dira partida zailak. Bi talde euskaldunen ohorea dago jokoan.


Bigarren maila (gizonezkoak)

Bigarren mailan albiste hobeak ditugu. Zarautzek zein Tolosak irabazi dituzte asteburuan jokatutako partidak. Azken jardunaldia zen eta Zarautzek ez zuen ezer jokoan, baina Gijon Jovellanosen aurka lortutako garaipenarekin (27-19) mesede egin dio Tolosari. Izan ere, azken postuan ez geratzeko helburua bete dute urdinek. Jovellanosen porrota aprobetxatu eta Madrilgo Alcobendasen aurka lorturiko garaipenarekin (31-29) liga azken aurreko postuan amaitu dute 7 punturekin.


Aipagarria da ere Aritzbataldeko kiroldegian bizi izan zena. Amenabarreko kapitainak, Iosu Lertxundik azken partida jokatu zuen eskubaloi jokalari moduan. Harmailetatik txalo zaparrada beroa jaso zuen eta partida amaieran omenaldi txiki bat ere egin zitzaion, nola ez.


bottom of page